| KIROLA |
|
Ezer gutxi dakigu patinaje artistikoaz.
Akaso urtean pare batean telebistaz txapelketaren bat
botatzen dutenean, gustura ikusten dugu. Ikusteko ederra
baita kirol hau. Egiteko, ordea, oso gogorra. Euskal
Herrian dauden bi klubetara jo dugu izotz gaineko arte
hau ezagutzeko.
IZOTZ GAINEKO SAKRIFIZIOAREN
DANTZA
|
EDERTASUNAREN ATZEAN.
Ikusteko
kirol ederra da patinaje artistikoa. Patinatzaile arinek elementu
zailenak inolako esfortzurik gabe egiten dituztela dirudi.
Baina horren atzean izotz gainean pasatako ordu piloa dago,
kolpeak, ipurdikoak... Itziar Ugarte Araba Klubeko lehendakariak
horrela erantzun digu patinatzaile izateko zer behar den galdetuta:
"Sakrifizioa, orduak eta orduak sartzea, izotzarekin ahalik
eta kontaktu gehien izatea, sekulako prestaketa fisiko eta
mentala". Marilo Aristegi Txuri-Berriko lehendakariak kirol
konplexua dela berretsi du eta "garapena oso mantsoa" dela.
Bere seme Jon Garciak ederki daki hori: "Hiru hilabetetan
oinak gurutzatzen ikasteko ikastaroak antolatzen dituzte,
eta hori utopia da. Patinaje oinarri sendo bat hartu behar
da lehenik gero artistikoan (edo hockeyan) hasteko". Juan
Gomez ere monitore lanetan aritzen da Txuri-Berrin eta berak
esan digunez "garrantzitsua da oso txikitatik hastea". Hiru
urterekin dagoeneko ikastarotan has daitezke haurrak eta 6-7
urterekin klubean sar daitezke artistikoa ikastera.
Baina bi klubetan azpimarratu digutenez, patinajearen
oztopoak ez dira soilik fisikoak. Instalazioak ezin dituzte
nahi dutenean erabili, izotz pistetako kudeatzaileek ustiaketa
komertziala lehenesten baitute. Txuri-Berrikoek, esaterako,
sarritan pista herena besterik ez dutela, entrenatu behar
izaten dute. Jon Garciak kontatu digunez, "pista osorako aukera
goizean goiz, gauean edo eguerdian bakarrik izan dezakegu".
Aurten maila ona erakutsi duten hiruzpalau neska estatu mailako
lehiaketan sartu nahi izan dituzte. 10 urte inguruan dabiltza
eta gaueko 21:l5etatik 22:30etara entrenatu beharko lukete.
Gurasoek ezezkoa eman diete. "Haien jarrera ulertzen dugu"
dio Marilo Aristegik, "baina zoritxarrez ez dugu beste ezer
eskaintzerik".
Haurren
sakrifizioaz gain, gurasoen sakrifizioa ere eskatzen du kirol
honek, ekonomikoa bereziki. Arabako Itziar Ugartek esan digu
konpetiziorako oinarrizko jantzi batek 150 euro inguru kostatzen
duela eta horren gaineko dekorazioa 100-150 euro baino merkeago
lortzea oso zaila dela. Nahi izanez gero erraz gastatu daitezke
600 euro jantzi batean. "Nik behin nire alabarentzako jantzi
batean 4.000 lentejuela josi nituen banan-bana" dio Itziarrek
eta berehala zera galdetu dio bere buruari: "Horrenbeste lan
egiteak merezi al du?". Izan ere, botak ere oso garestiak
dira. Erdi-goi mailako kutxilak 500 euro ingurutan daude salgai
eta bota eta guzti, zaila da 600 eurotatik jaistea. "Gainera
haurrak hazi egiten dira eta denbora gutxian botek ez diete
balio". Horri guztiari klubak pistaren erabilera ordain dezan
gurasoek eman beharreko kuotak daude eta patinatzaile guztiak
federatuak egotera derrigortuak daude gainera, horregatik
ere ordainduz. Kuotak, materiala, bidaiak, dietak.
NAGORE IRAZUSTABARRENA

|